(Uztailak 25, Barakaldo, Bizkaia) Euskal Encounterren, adimen artifizialeko hainbat adituk teknologia horrek duen potentzial eraldatzailea nabarmendu dute. Erabat "demokratizatua" dagoenez, prestakuntzarik eta espiritu kritikorik gabe erabiltzeak dituen arriskuez ere ohartarazi dute. Hiru hizlarik AAn trebatzeko premia nabarmendu dute, "gero eta digitalagoa, hibridoagoa eta azkarragoa" den mundu batera egokitu ahal izateko, bai arlo profesionalean, bai pertsonalean.
Adrián Bertol Euskaltel – DigitalMasOrange enpresako kideak ziurtatu duenez, adimen artifiziala ez da soilik lan egiteko modua aldatzen ari, baizik eta eragina du gure harremantzeko eta ikasteko moduan. Etorkizuna baldintzatuko duten joeren artean, aipatu du zereginak modu autonomoan egiteko gai diren agente adimendunak orokortu egingo direla, baita adimen artifiziala duten gorputz fisiko robotikoak ere. Teknologia horren hedapenaren ondorioz, bere ustez, gizakien eta adimen artifizialaren arteko hibridazioa gertatuko da hemendik urte gutxira.
Adimen artifizialaren mitifikazioari dagokionez, "atzean ez dago magiarik, algoritmo estatistiko oso konplexuak baizik", adierazi du Bertolek. Horregatik, garatzaileek zein erabiltzaileek arduraz jokatu behar dute, teknologia horren mugez, joerez eta balizko inpaktu etikoez jabetuta. "Adimen artifiziala tresna ahaltsua da, eta, edozein tresna bezala, ematen diogun erabilerak garrantzia handia du".
Moviltik-eko José Luis Ronceroren ustez, adimen artifizialak benetako iraultza ekarri du kultur sorkuntzaren esparruan, ezagutza tekniko aurreratuen beharrik ez baitago produkzio-erremintak erabili ahal izateko. Sormenaren demokratizazio horrek aukera ematen dio edonori edukiak sortzeko, diseinuan, musikan edo narratiban aditua izan gabe. "Eraldatzaileena ez da bakarrik AAk egin dezakeena, baizik eta edozeinek egin dezakeela", adierazi du.
Teknologia horiekiko beldurraren aurrean, Roncerok ikuspegi kritiko eta eraikitzailea defendatu du. Gakoa ez da tresna baztertzea, nola erabili ikastea baizik. "AAk gure lana hobetzen, zeregin errepikakorrak gainetik kentzen eta ideia berriak sortzen lagun diezaguke, baina betiere elkarrekintza aktibo eta kontziente batetik abiatuta". Gakoa izango litzateke "emaitza pasiboak ez eskatzea, baizik eta tresnarekin hitz egitea eta zeure eremura eramatea, zurekin zerikusia duen zerbait eraikitzeko. Kontua ez da kopiatzea, baizik eta eraldaketa eragin eta ekarpenak egitea".
Bestalde, Borja Balparda Data Value Management enpresako kideak azaldu duenez, adimen artifiziala laguntza-tresna gisa erabili behar da, inoiz ez giza ezagutzaren ordezko bezala. "Aholkurik onena honakoa da: ondo ulertzen dituzun gaietan erabili soilik. Ematen dizun emaitza ezin baduzu baliozkotu, ez fidatu itsu-itsuan. Beti beharko dugu irizpidea duen norbaiten berrikuspena".
Dozenaka jarduera abian
Euskal Encounter 33 dozenaka jarduera hartzen ari da, sormen digitala, hardwarea, software librea, bideojokoak, streaminga eta aisialdiko ekintzetako lehiaketak barne. Nabarmentzekoa da jende andana gerturatzen ari dela Opengunera, stand teknologikoak bisitatu eta doako hitzaldi eta tailerrez gozatzera. Bihar, larunbata, izango da prestakuntza eta entretenimendua uztartzen dituen gune horretaz gozatzeko azken eguna.
Prentsa-oharrak, txostena eta argazkiak, hemen: https://labur.eus/EE33-press
Argazki galeria: https://labur.eus/EE33-galeria


