• 5.000 parte-hartzaileak jarduera bizian izan dira arlo guztietan, eta teknologian, prestakuntzan, entretenimenduan eta sormen digitalean oinarritutako 200 proposamen baino gehiagotan parte hartu dute.
• Hitzaldi eta tailerretako parte-hartzea nabarmen altua izan da aurten. Egungo ingurune digitalaren erronka handiak izan dira hizpide: adimen artifiziala, zibersegurtasuna, enplegua eta ziberindarkeria. AA izan da protagonista, gizartean, lanean eta hezkuntzan duen eraginari buruzko saioekin.
• 33. edizioaren babesle dira Euskaltel Fundazioa, Eusko Jaurlaritza SPRIren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundia. BBK Fundazioa eta Euskaltel ere laguntzaile dira.
(Uztailak 27, Barakaldo, Bizkaia) Euskal Encounter 33k nota bikaina atera du beste behin ere, eta antolatzaileak oso pozik daude helburu guztiak bete direlako. Estatuko LAN party handiena Europako podioan ere badago, zale gehien erakartzen dituen hitzorduen artean baitago. Azpimarratzekoa da aurtengo 5000 parte-hartzaileen inplikazio handia, baita Openguneak, publikoarentzat zabalik dagoen eremuak, lortutako arrakasta: 10.000tik gora bisitari hartu ditu, puntako prestakuntza-eskaintzak eta stand teknologikoek erakarrita.
200 jarduera baino gehiago izan dira lau egunez, eta hitzaldi eta tailerretako parte-hartze marka altuenetarikoa lortu da aurten. Zalantzarik gabe, komunitate digital eta teknologikoarentzako erreferentziazko bilgunea da Euskal Encounter. Hitzaldien eta lehiaketen erdigunean egon da adimen artifiziala, eta teknologia horren aukerak izan ditugu aztergai hezkuntzaren, ikerketaren, osasunaren eta kultura digitalaren arloetan, baita aurrez aurre jarri dizkigun dilema etikoak ere. Bideojokoek gizartea eraldatzeko tresna gisa duten ahalmena ere hizpide izan dute adituek, eta teknologia-munduak eskaintzen dituen enplegu-aukeren inguruan informatzeko hitzaldi eta tailerrak ere gauzatu dira, besteak beste.
Arreta berezia piztu du Médicos del Mundo erakundeak ziberindarkeriei buruz eman duen saioak, adingabeek eta gazteek sare sozialetan dituzten arriskuei buruz ohartarazi baitu. Aurten ere, hitzaldien eta tailerren gunea hausnarketarako eta ikaskuntzarako espazioa izan da, eta topaketa honen apustua agerian utzi du: heziketa eta eraldaketa sustatzea.
Javier Gómez-Arruek, Euskal Encounterren antolatzaile nagusiak, azpimarratu du ekitaldiak komunitatea sortzeko, ezagutzak partekatzeko eta talentua bultzatzeko konpromisoa berritzen duela urtero: "Teknologia eta sormena bateratzen dituen espazioa izaten jarraitu nahi dugu, gizarte-eragin positiboa sortzeko, etorkizunaren ikuspegia kontuan hartuz". Gainera, adierazi du hasierako helburu guztiak bete direla, ekitaldia erreferentziazko hitzordu teknologiko gisa mantentzen baita profesionalentzat, ikasleentzat eta berrikuntzan interesa duten pertsonentzat.
Gómez-Arruek boluntarioen funtsezko lana eskertu du. 70 pertsonaren inplikazioari esker, topaketak kalitate eta profesionaltasun handiko emaitzak lortu dituela jakinarazi du.
Hobetzeko bokazioa
Egunotan burututako lehiaketen sari-banaketen ondoren amaitu da bilkura. Sormen digitala, hardwarea, software librea, aisialdiko jarduerak, streaminga eta bideojokoak izan dira LAN partyko jarduera-arloak. Gainera, nabarmentzekoa da adiskidetasuna nagusi dela Euskal Encounterren. Lehiaketen ostean, batez ere proba teknologikoenetan, partaideak euren estrategiak komentatzeko eta esperientziak trukatzeko elkartu ohi dira.
Azkenik, Javier Gómez-Arruek iragarri du, edizio honen arrakastaren ondoren, hurrengo urtean pentsatzeko momentua dela, baita gogobetetze-inkesten emaitzetan proposatutakoa aztertzeko ere. Datorren hitzordua 2026ko uztailaren 23tik 26era ospatuko dela aipatu du.






