• Euskal Encounter topaketako hizlariek aldarrikatu dute teknologia berriek gizarte kontzienteagoa, bidezkoagoa eta prestatuagoa eraikitzeko potentzial soziala dutela.
• Etorkizuneko profesionalen prestakuntzatik hasi eta ziberindarkerien aurkako borrokaraino, teknologia berriek botere eraldatzailea dutela erakusten dute, etikaz, zentzu kritikoz eta hezkuntza-asmoz aplikatzen badira.
• 33. edizioaren babesle dira Euskaltel Fundazioa, Eusko Jaurlaritza SPRIren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundia. BBK Fundazioa eta Euskaltel ere laguntzaile dira.
(Uztailak 26, Barakaldo, Bizkaia) Euskal Encounterren, adimen artifizialaren eta teknologia berrien aukerak ez ezik, teknologia horiek eraldaketa sozialeko eragile gisa dute ahalmena ere hizpide izan da. Lau hizlarik erakutsi dute bideojokoek enpatia susta dezaketela, AAk etorkizuneko profesionalen prestakuntza hobetu dezaketela eta sentsibilizazio digitala funtsezkoa dela ziberindarkeria prebenitzeko. Hezkuntzaren, osasunaren eta bizikidetzaren arloei begira, mezu argia plazaratu dute: teknologia, ondo erabilita, aliatu ahaltsua izan daiteke gizarte kontzienteagoa, inklusiboagoa eta prestatuagoa eraikitzeko.
Juan Luis López Aranguren Zaragozako Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak adierazi duenez, adimen artifiziala sakonki eraldatzen ari da gizarte zientziak eta hezkuntza esparrua. Baina, aldi berean, ikasle askok uste dute adimen artifizialak erabat ordezka dezakeela beren lana, ez baitituzte mugak ulertzen, ezta berrikuspen kritikoaren beharra ere. Antzeko arazoa sortzen ari da arlo zientifikoan, AAren laguntzarekin sortutako artikuluak ugaritzen ari baitira. Horrek edukien fidagarritasunari buruzko erronka berriak planteatzen ditu.
Ildo horretan, Daniela Margot Avello Sáez Txileko Unibertsitate Katolikoko ikertzaile-irakasleak uste du "AAk aukera ematen diela ikertzaileei eraginkorragoak izateko eta ikasleei ezagutzak arinago eskuratzeko”, baina “dilema etiko garrantzitsuak” ere planteatzen dituela jakinarazi du. Adibidez, osasun-eremuan, eztabaida sortzen du prozesu klinikoetan adimen artifiziala ezartzeak. "Paziente asko ez dira eroso sentitzen mediku batek bere diagnostikoa adimen artifizialean oinarritzen badu", dio Daniela Margotek. Aditu txiletarrak profesionalen prestakuntza bultzatzen du, bideojoko hezitzaileen bidez kasu klinikoak ikuspuntu etiko batetik aztertzeko.
Arangurenek beste kezka bat ere azaldu du: AAk laguntza psikologikorako tresna gisa izan duen gorakada, erabilera-joeren azken txostenak adierazten duenez. "Kezkagarria da giza elkarrekintza ordezkatzea”, teknologia horren erantzuteko moduaren ondorioz. Hau da, adimen artifizialak mesede gutxi egin diezaioke "terapeuta" gisa erabiltzen duenari, atsegin egiteko prestatuta baitago.
Bideojokoen hezigarritasuna
Koldo Gutierrez EUNEIZ Unibertsitateko irakasle, kazetari eta dibulgatzaileak defendatu du bideojokoek heziketarako eta eraldaketarako gaitasun handia dutela. "Bideojoko independente batzuek errealitate zailak bizi dituzten pertsonen azalean jartzera gonbidatzen gaituzte: migraziotik hasi eta genero-identitateraino edo gerrako traumetaraino". Gutierrezen ustez, horrelako jokoek enpatia sustatzen, beste ikuspegi batzuk ulertzen eta dilema moralak modu seguruan esploratzen laguntzen dute.
Funtsezkoa iruditzen zaio ikasgelak metodologia malguagoetara irekitzea, begi bat alderdi pedagogikoan eta bestea etikoan jarrita. "Denak ez du balio. Ikasleei entzun behar diegu, tresnak probatu egin behar ditugu eta ikasgelan zer sartu eta zer ez erabaki behar dugu. Batzuetan, ikasleek azaldu ostean konturatzen gara zenbateko balioa duten tresna batek."
Ziberindarkeriak
Médicos del Mundo Euskadi erakundeko Jésica Vázquez Rodríguezek alarma piztu du adingabe askok jasaten dituzten ziberindarkeriei buruzko hitzaldian. Errealitate hori areagotzen ari da, eta gero eta gehiago kezkatzen ditu gizarte- eta hezkuntza-arloko profesionalak. "Jazarpena, irudi intimoak lortzeko manipulazioa edo sare sozialen bidez estortsioa ugaritzeak kezkatzen gaitu", ohartarazi du.
Ziberindarkeria mota ohikoenak sexu-izaerakoak dira, hala nola argazki edo bideo intimoak bidaltzeko presioa, genero-arrazoiengatiko ziberindarkeria matxista eta gutxiengo sexualetako pertsonei zuzendutako erasoak. Horiek guztiek oinarrizko eskubideak urratzen dituzte eta inpaktu psikologiko handia eragiten dute biktimengan, askotan ez baitute tresnarik gertatzen ari zaiena identifikatzeko edo jakinarazteko.
Egoera horren aurrean, premiazkoa da sentsibilizazio- eta prebentzio-lanak txiki-txikitatik ezartzea ikastetxeetan, institutuetan eta familietan, "ingurune seguruak sortuz, haurrek beldurrik gabe adierazteko zer gertatzen zaien".
Opengunea beteta
Gaur, larunbata, Opengunea bisitatzeko azken eguna dute bisitariek, stand teknologikoez eta doako hitzaldi eta tailerrez gozatzeko. Jendetza handia izan da egunotan, eta antolatzaileak oso pozik daude espazio horrek izan duen harreragatik.
Topaketa bihar amaituko da, 17:00etan, sari-banaketen ondoren. Sormen digitaleko, hardware-ko, software libreko, aisialdi jardueretako, streaming-eko eta bideojokoetako lehiaketetako irabazleak ezagutu ahal izango ditugu bihar.


